Bat-batean hasi nintzen besoko minez, edozein eskulan egiteak ziztada mingarriak eragiten zizkidalarik ukondo inguruan. Egoerak bultzatuta, medikuarengana jo eta berehala jaso nuen diagnostikoa, – albo-epikondilitisa; Horrelaxe sartu zen nire bizitzan ordurarte ezagutzen ez nuen izen madarikatu hura. Alboko epikondilitisa, beste era batean esanda, tenislari ukondoa. Arraioa! Egundo ez dut erraketarik ukitu eta!
Egunak eta asteak igaro dira eta tratamenduari dagozkion masaje eta ariketetan murgilduta nagoelarik, hara non armairuan zokoraturik daukadan ariketa tresna batekin gogoratu naizen. Urteak dira lagun batek Powerball bat oparitu zidala.
Powerball delakoa pilota itxurako giroskopio bat da. Barnean elkar-gurutzatutako bi ardatzetan bira egiten duen rotore bat du. Eskumuturraren bidez giroskopioari mugimendu zirkularrak eragiten zaizkionean aipatutako rotoreak abiadura hartzen du indar zentrifugoak eta euren inertziak sortuz. Hain zuzen ere, sortzen diren indar hauei eskuarekin eusteak, eskumuturra eta besoko giharren sendotzea eragiten du beharturiko ariketaren bidez.
Bi aldiz pentsatu gabe gehitu ditut Powerball gailuaren ariketak tratamenduan jarraitzen dudan errutinara. Egunean behin, bi minutuko hiru errepikapen eginez hasiera batean eta bost minutuko saio batekin aurrerago, beti ere, gehiegizko abiadurarik eman gabe. Esango nuke dagoeneko hasi naizela eragina nabaritzen. Eutsi beraz bideari, jira, bira eta buelta!
Comments
No comments yet. Be the first to react!