Superbotereak

Planetak guztiaren beharra izango du

n-garren aletxoa

Gogoan dut otsaileko TDT itzalaldiak ataka berri baten aurrean jarri ninduenekoa, etxeko telebista zaharra erabilgaitz bihurtuz, zakarretara botatzeko moduan utziz. Harrezkeroztik, indarrean sartutako arau1 berriaren eraginez, telebista kateek HD kalitatedun irudiak igortzen dituzte soilik, ondorioz beharrezkoa da TDT 2 deskodetzaile bat erabiltzea.

Telebista berria eskuratzeko aukera aztertzeko asmo izpirik gabe, TDT deskodetzaile berria erostea erabaki nuen, eragozpenak eragozpen. Ezin esan aukerarik erosoena egin nuenik, izan ere, telebistak bi urrutiko-aginte erabiltzea eskatzen baitzuen, bat piztu ahal izateko eta bestea, gailu berriarena, kateak aldatzeko. Zinez gogaikarria! Dena den izan zuen horrek ere bere irtenbidea. Orain telebista bere kasa pizten da eta nahikoa du urrutiko-aginte bakarra!

n-garren +1 aletxoa

Ikasturtearen azken hiru-hilekoan etxeko txikienak bizkar-zorroaren uhaletako bat puskaturik ekarri zidan hartan, afaltzen amaitu bezain laster ekin behar izan nion hura konpontzeari. Haria eta jostorratzaz puskaturikoa bere lekuan gogor josi eta bigarrena indartu nituen, berriro puskatu eta hutsik ez egiteko moduan. Birao eta madarikaziorik ere izan zen puntada eta puntada artean, izan ere, bai kalitate kaxkarreko produktua! Biharamun goizean ordea, harro erakutsi ahal izan nion alabari eta esan:

– Motxila prest! 


Egunero gerta dakiguke antzeko egoeraren bat eta hori izango dugu bizi garen planetaren alde gure aletxoa jartzeko aukera. Erabaki soil eta keinu txiki bidez, guztiok gure baitan ditugun Superbotereak erabiliz, hots, arduraz kontsumituz, gauzak konponduz, berrerabiliz…

1

2023-01-18 BOE